Bermeotarren izana izenetan
Zortzi urte luze joan dira Bermeoko toponimia ikertzeko udalak Irune Allikari eta Bitor Uriarteri bekea emon eutsenetik. Luzeak bai, baina alperrekoak ez dira izan, ez horixe; urte oparo-oparoak izan dira, lan eta lan ibili dira gure arbasoek leku-izenen bidez itxi deuskuezan aztarnei jarraituz, historia biziaren hariari jarraituz.
Garrantzi handiko lana da liburu honetan aurkezten doguna, gure iragana, oraina eta etorkizuna hari berean lotuta agertzen jakuzalako. Eta arrastoari segiduta, nondik gatozan ikusteko eta ikasteko aukerea emoten deuskulako, gure historiaren datu asko emoten dauz eta, holan, zer izan garan hobeto jakiteko aukerea be badaukagu.
Ikerlan honen helburuetako bat izan da toponimoak berreskuratzea, erabilten ez dana galdu egiten dalako eta zenbait leku-izenegaz horixe pasau jaku, erabili ez diranak galdu edo ahaztu egin dirala. Ariketa polita izan da, beraz, Irunek eta Bitorrek egin daben bilketa lana, ahanzturaren kontrako botika ederra.
Beste helburu bat da toponimoak normalizatzea eta egungo euskerearen arau eta moldeetara ekartea. Eta liburu honetan batu diranak izango dira, hain zuzen be, ofizialak eta normalizatuko diranak.
Leku-izenek erakutsi deuskue euskereak zer-nolako bidea egin dauen gure herrian, berbak nondik nora ibili dira, horreek berbek erakutsi deuskue bermeotarren bizimodua zelakoa izan dan, leku-izenak altxor biziak diralako.
Azken baten, atsegin handiz aurkezten dogun liburu honetan, bermeotarren historiaren, hizkuntzearen eta bizimoduaren erretratua egin deuskue egileek, gure herria eta hizkuntzea hobeto ezagutzeko eta maitatzeko laguntzea emon deuskue.
Eskerrak emon beharrean nago herriagazko horrenbesteko maitasuna erakutsi deuskuen Iruneri eta Bitorri, egin daben azterlan sakonagaitik. Izan daitela liburua gero etorriko diran ikerketa barrien oinarri eta ikerlari gazteentzat abiapuntu; Bermeo, bere historia eta hizkuntzea hobeto ezagutzen eta maitatzen ikasi daigun.
Bermeon, 2007ko zezeilean
Juan Karlos Goienetxea Beitia
Alkatea