lupa

Bermeon euskaraz

egitasmoak

Euskarazko Produktuen Katalogoa

KATALOGOA.EUS web-orriak 7.400 produkturen erreferentziak jasotzen ditu

Urteko garai hau seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburuak, musika edota jostailu eta jokoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, Euskal Herriko udal eta mankomunitatetako 100 Euskara Zerbitzuk baino gehiagok Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria osatu dute, beste urte batez. Aurtengoa 24. edizioa da.

Bai etengabe eguneratzen den web-orriak zein paperezko edizioak, biek ere itxura berriak estreinatu dituzte eta jasota dituzten produktuak bi ataletan dituzte sailkatuak: atal bat 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuekin osatua dago, eta bestea 12-16 urte bitarteko gazteentzako produktuekin.

Paperezko edizioak 70.000 ale

Egunotan banatuko dira paperezko edizioaren 70.000 aleak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan. Azkeneko urteotan egin den modu berean, paperean editatzen den katalogoak aurten ere bi azal izango ditu: azal batek sarbidea ematen die 12-16 urte bitarteko gazteentzat eskaintzen diren produktuei, eta beste aldeko azalak 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuei eta gurasoentzako materialei. Aurkezpen honi esker produktuen bilaketa nabarmen errazteaz gain, nortasun propioa ematen zaio adin tarte bakoitzari. Jakina, paperezko edizioak ez ditu jasotzen KATALOGOA.EUS web-orrian jasota dauden produktu berri guzti-guztiak, atalka antolatutako hautaketa bat baizik: musika, DVD-filmak, aldizkariak, komikiak, liburuak, jostailu eta jokoak eta gurasoentzako materiala.

Web-orria maiz eguneratzen da, dagoeneko milaka produktu ditu eta bat erosi nahi izanez gero, produktuan klik eginez argitaletxeen denda birtualetara sartzeko aukera ematen du.

KATALOGOA.EUS maiztasunez eguneratzen den web-orria da, argitaratzen diren produktu berriak sartuz, deskatalogatu direnak kenduz eta, finean, KATALOGOA.EUS bizi-bizirik dago. Orain 7.400 produktu inguru biltzen ditu 2 atal nagusien artean. Paperezko edizioak bezala, KATALOGOA.EUS web-orriak ere bi atal nagusi ditu: 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuekin osatua bata, eta 12-16 urte bitarteko gazteentzako produktuekin osatua bestea. Eta ez hori bakarrik, atal bakoitzak bere direktorioa du eta, hartara, tipologia bakoitzeko produktuen bilaketa nabarmen erraztu eta hobetzen da produktuak tituluaren, argitaletxearen, autorearen, adin-tartearen edota prezioaren arabera bistara daitezkeelako. Azkenean, erabiltzaileak produkturen bat begiz joz gero, argitaletxearen denda birtualera sartzeko manera izango du ‘non eskuratu’ botoian klikatuta.

Nobedadeen segimendua urte osoan egin daiteke buletin elektronikora harpidetuta

Azken nobedadeen berri izan nahi dutenei, KATALOGOA.EUS web-orriak buletin elektronikora harpidetzeko bidea ere ematen die. Hartara, harpidedunek urtearen buruan 10 buletin jasoko dituzte, argitaratu berri diren produktuen erreferentziekin. Izan ere, horixe baita KATALOGOA.EUSen helburua: merkatuan aurki daitezkeen euskarazko azken nobedadeak ere erabiltzaileen eskura modu erraz batean jartzea.

Bermeon ere banatuko da katalogoa

Bermeoko ume eta gazteak dauden familiek katalogoa jasoko dute ikastetxeen bitartez eta horrez gain, hainbat lekutan hartu ahal izango da. Alde batetik, denda hauetan: Luma, Kuku-enea, Udane eta Aue. Eta beste aldetik, udal zerbitzuetan (Liburutegia, Kultur Etxea, Musika Eskola…)

Guztira, Bermeon 1.400 katalogo eta 800 markatzaile banatuko dira.

 

© 2015 Bermeoko Euskara Saila
Gizarte eta Kultura Etxea.
Irakaskintza 14-16; 2.3 gela
48370 Bermeo (Bizkaia)
Tel.: 94 617 91 22
euskera@bermeo.eus

FacebookYoutube