2018-02-20
Martxoaren 15ean, 612 euro liburuari buruz berba egingo da irakurleen txokoan. Arrate Egaña idazleak dinamizatuko du saioa. Parte hartu nahi duenak Liburutegian eskatu behar du liburua eta ordurako irakurri.
Jon Arretxe idazlearen lan honetako argumentua horrela laburbildu daiteke:
Bueltan da Toure, San Frantzisko auzoko detektibe berezia, bizilagun afrikarrentzat agurgarria, emakume zurientzat desiragarria eta polizientzat mespretxagarria. Bolada txar batetik pasatzen ari den momentuan ustezko anaia baten bisita jasoko du bere patera-pisuan, lekua egingo dio afrikar abegiaren izenean eta, erabaki horren erruz, arazo larriak sortuko zaizkio, lapurreta, droga-trafiko eta hilketa kasuetan belarrietaraino nahastuko dutenak.
19 Kamera arrakastatsuaren ondoren dator 612 Euro. Toureren sagako bigarren nobela hau ere Euskal Herriko ghettorik handienean kokatuta dago, Bilboko San Frantziskon. 612 euro instituzioek behartsuenei hilero ematen dieten kopurua da, sanfrantziskotar askoren esperantza bizirik irauteko.
Gordintasuna eta umorea konbinatuz, Jon Arretxek erritmo biziko eleberria eraiki du, irakurlea lehen orrialdetik harrapatu eta amaiera arte oharkabean daramana.
Irakurle txokoan hilean behin interesa duten pertsonak biltzen dira, eta euskaraz sortuta edo itzulita dagoen liburu bati buruz hitz egiten dute.
Dinamizatzailearekin batera talde giroan izaten diren saio hauetan, literaturari buruzko solasaldiak indartu eta euskal literatura eta idazleen lana ezagutzera eman nahi da.
Hitzordua, Liburutegiko 3. solairuan, martxoaren 15ean, arratsaldeko sei eta erdietan.
2018-02-14
Asteburuan Bermeon umeentzako Sagu eta Pagu euskarazko pelikula proiektatuko da.
Euskara Sailak zinera joateko gonbidapenak banatu ditu. Sarrera eskuratu nahi izanez gero, leku hauetan egingo diren zozketetan parte hartu baino ez da egin behar: Hitzan eta Itsuki irratian. Umeek ikastetxeetan aukera izango dute sarrera eskuratzeko, baita ludotekara joaten diren umeek ere.
2018-02-12
Otsailaren 15ean, Mila ezker liburuari buruz berba egingo da irakurleen txokoan. Arrate Egaña idazleak dinamizatuko du saioa. Parte hartu nahi duenak Liburutegian eskatu behar du liburua eta ordurako irakurri.
Garbiñe Ubeda idazlearen lan honetako argumentua horrela laburbildu daiteke:
Ezkerra baldin bazara, zeu protagonistatzat zaituen liburua aurkitu duzu. Eta ezkertia ez bazara ulertuko duzu, gehiengoa eskuina den jendartean eragozpen ugarirekin topo egiten dutela ezkerrek: eskolan, sukaldean, ehizan eta arrantzan, guraizeekin, musika tresnekin, ordenagailuaren xaguarekin, argazkiak egitean, erlojuaren orratzak mugitzeko orduan...
Garbiñe Ubedaren saiakera labur honen asmoa ez da, ordea, auto-laguntzazko liburu bat eskaintzea, are gutxiago kontu-hartze zerrenda bat osatzea; baizik eta ezkerra izateari buruz jardutea. Helburu apal horrekin arakatu ditu artea, musika, literatura, kirola, logika, matematika, fisika, kimika, genetika, neurologia edo psikiatria gaiak.
Hitzordua, Liburutegiko 3. solairuan, otsailaren 15ean, arratsaldeko sei eta erdietan.
2018-02-05
Euskal Herri osoan abiatuko den Euskaraldia Bermeon ere martxan jarri da, eta, Kike Amonarrizen hitzaldiaren ostean, parte hartze prozesuaren lehenengo saioa joan den urtarrilaren 24an izan zen, eta eguaztenean, otsailaren 7an, izango da bigarren saioa, 19:00etan, Bermeoko Kultur etxeko Gaztelekuan.
Bigarren saio honetan, urtarrilaren 24an landutakoan sakondu nahi da eta Euskaraldia Bermeon martxan jartzeko oinarriak prest utzi nahi dira; hau da, lan talde bat osatu nahi da eta horren zereginak finkatu, hurrengo fasea aktibatzeko helburuarekin.
Hurrengo fase horretan Euskaraldiaren barne Bermeon antolatutako diren ekimenak landu eta martxan jarriko dira: komunikazio ekintzak, formazio ekintzak…
Saio honetan interesa duten pertsona guztiek parte har dezakete eta horretarako Euskera Sailean (euskera@bermeo.eus edo 94 617 9122) izena ematea eskertzen da.
Euskaraz jakin arren, gaztelaniaz egiteko joera duten pertsonak aktibatu eta hizkuntza-ohitura aldatzeko saiakera pertsonala eta kolektiboa da Euskaraldia. Herritarrek eta erakundeek batera landuko dute eta, eguneroko bizitzan, inertziak aldatzea bilatzen da.
“Tokian tokiko euskaltzaleen sareak aktibatzea eta indartzea bilatzen du Euskaraldiak”, gogoratu du Juan Karlos Agirrek, Bermeoko Euskara zinegotziak.
“Bermeo euskaraz bizi eta arnasa hartzen duen herria izaten jarraitzeko, bihotzetik ahora ekarri gura dugu euskara, ahoak bizi-bizi jarri eta belarriak prest erantzuteko”, gaineratu du.
2018-01-30
Eneritz Artetxe aktoreak gidatutako antzerki tailerrean parte hartzeko izena emateko epea otsailaren 5era arte luzatu da. Tailerrean 16 urtetik gorako pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute, eta, hortaz, interesa dutenek Berhaz bulegoan izena eman behar dute.
Antzerki tailerra otsailaren 7an hasiko da eta ekainera arte izango da, Bermeoko Kultur etxean, eguaztenetan, 18:00etatik 20:00etara. Juan Karlos Agirrek, Bermeoko Euskara zinegotziak, azaldu duenez, tailer honen helburua da kultura alorreko euskarazko sorkuntza lanari bidea ematea.
Bermeon Euskaraldia antolatzeko parte hartze prozesua izango da eguaztenean, urtarrilaren 24an
2018-01-22
Euskal Herri osoan abiatuko den Euskaraldia Bermeon ere martxan jarri da. Kike Amonarrizen hitzaldiaren ostean, hurrengo hitzorduak urtarrilaren 24an eta otsailaren 7an izango dira eta horietan Euskaraldia Bermeon antolatzeko parte hartze prozesua abiaraziko da. Hitzordua 19:00etan izango da, Bermeoko Kultur etxeko Gaztelekuan.
Euskaraz jakin arren, gaztelaniaz egiteko joera duten pertsonak aktibatu eta hizkuntza-ohitura aldatzeko saiakera pertsonala eta kolektiboa da Euskaraldia. Herritarrek eta erakundeek batera landuko dute eta, eguneroko bizitzan, inertziak aldatzea bilatzen da.
“Tokian tokiko euskaltzaleen sareak aktibatzea eta indartzea bilatzen du Euskaraldiak”, gogoratu du Juan Karlos Agirrek, Bermeoko Euskara zinegotziak.
Euskaraldiak honako helburu zehatzak ditu: hizkuntza ohituretan eragin eta gaztelaniaren aldeko inertziari aurre egitea, erakundeak, eragileak eta interesa duten norbanakoak elkarlanean aritzea, euskaldunek euskara gehiago erabiltzeko urratsak ematea, tokian tokiko euskalgintza aktibatzea, entitateek euskaraz aritzeko neurriak har ditzaten sustatzea eta 11 egunetan hiztunen artean sortutako dinamikak ekimenaren ostean mantentzea. Horretarako, talde motor bat sortuko da eta lantalde horrek urte osoan lan egingo du.
“Bermeo euskaraz bizi eta arnasa hartzen duen herria izaten jarraitzeko, bihotzetik ahora ekarri gura dugu euskara, ahoak bizi-bizi jarri eta belarriak prest erantzuteko”, nabarmendu du Agirrek.
Helburu hori lortzeko, hain zuzen ere, urtarrilaren 24an eta otsailaren 7an (eguaztenak) saio bi antolatu dira. Horietan interesa duten pertsona guztiek parte har dezakete eta horretarako Euskera Sailean (euskera@bermeo.eus edo 94 617 9122) izena ematea eskertzen da.
“Herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu saio hauetara; Bermeo euskalduna izaten jarraitzeko guztion inplikazioa beharrezkoa delako”, nabarmendu du.
2018-01-15
Urtarrilaren 18an, Intimitatea liburuari buruz berba egingo da irakurleen txokoan. Arrate Egaña idazleak dinamizatuko du saioa. Parte hartu nahi duenak Liburutegian eskatu behar du liburua eta ordurako irakurri.
Hanif Kureishi idazlearen lan honetako argumentua horrela laburbildu daiteke:
Bikoteen bizipenak eta pertsonon izatearen zirrikituak arakatu ditu Hanif Kureishik. Liburuko protagonistak den-dena daukala dirudi, emaztea eta bi seme-alabak barne. Bizimodu erosoa.
Familia ereduaren porrota kontatzen duen liburua da Intimitatea. Maitasuna arautzen ez denean, merkatu sistema librearen antzera, burtsak bezala, gainbehera dator. Sistema kapitalistaren porrota edo merkatu librearen porrota legez. Gizon hau “merkatu” librean dabil. Bikotekideak berriz besteekiko ardura eta autodiziplina lantzen du. Sakrifizioa hitz batean.
Hitzordua, Liburutegiko 3. solairuan, urtarrilaren 18an, arratsaldeko sei eta erdietan.
2018-01-09
Eneritz Artetxe aktoreak gidatuta, antzerki tailerra izango da Bermeoko Kultur etxean otsailetik ekainera, eguaztenetan, 18:00etatik 20:00etara. Juan Karlos Agirrek, Bermeoko Euskara zinegotziak, azaldu duenez, tailer honen helburua da kultura alorreko euskarazko sorkuntza lanari bidea ematea.
Tailerrean 16 urtetik gorako pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute, eta izena emateko epea irekita dago urtarrilaren 31ra arte Berhaz bulegoan.
Agirrek adierazi duenez, antzerki tailerrean honakoak landuko dira: gorputz eta ahots adierazmenak, pertsonaiak, erritmoa, inprobisazioa eta testuak. Hori guztia ariketen bidez egingo da eta landutako kontzeptuak eszenan praktikan jarri nahi dira.
Hortaz, azpimarratu duenez, “antzerkirako zaletasuna duenak eta komunikaziorako gaitasunak landu nahi duenak badu aukera ederra profesional on batekin antzerki munduan murgiltzen ikasteko”.
Bermeon Euskaraldia ekimena dinamizatzeko lan eskaintza
2018-01-08
Bermeon Euskaraldia ekimena dinamizatzeko lan jardun erdiko lanpostua estali nahi da eta 11 hilabeterako lan kontratua eskaintzen du Euskaltzaleen Topaguneak, otsailaren 1etik hasita. Curriculumak urtarrilaren 17a baino lehen aurkeztu behar dira eta hautaketa prozesua urtarrilaren 30erako bukatuta egongo da.
Curriculumak Lansareanen bidez ez ezik, honako posta helbidera ere bidali ahal dira: lanpoltsa@topagunea.eus. Euskaltzaleen Topaguneko Durangoko bulegora ere bidali ahal dira honako helbidera: Landako Etorbidea, 4 -102 bulegoa -Durango (48200)
Bermeoko Euskaraldia ekimenaren baitako eragiletza lanak dinamizatzailearen ardurapekoak izango dira eta honako zereginak izango ditu: herriko eragileei eta herritarrei Euskaraldia ekimena aurkeztu (elkarteak, enpresak, norbanakoak…); Euskaraldiaren bueltan euskaltzaleak saretu eta batzordea osatu edo trinkotu eta batzordea(k) koordinatu.
Kike Amonarrizen hitzaldia ikusgai
2017-12-21
Kike Amonarrizen hitzaldian Oizmendi telebistak grabatutako bideoa hemen:
© 2015 Bermeoko Euskara Saila
Gizarte eta Kultura Etxea.
Irakaskintza 14-16; 2.3 gela
48370 Bermeo (Bizkaia)
Tel.: 94 617 91 22
euskera@bermeo.eus