Urrian hasiko dira Irakurleen Txokoa eta Antzerki Tailerra ekimenak
2019-09-17
Bermeoko Udal Liburutegiak eta Udalaren Euskera Sailak antolatutako Irakurleen Txokoan literaturan interesa duten pertsonak elkartu eta euskaraz idatzitako liburu baten gainean hitz egiten dute
Antzerki Tailerrak berriro irekiko ditu ateak ikasturte osorako eta bertan parte hartu nahi duten pertsonek Berhaz bulegoan eman beharko dute izena
Bermeon, 2019ko irailaren 17an.- Irakurleen Txokoak eta Antzerki Tailerrak laster emango diote ikasturteari hasiera. Honela, Bermeoko Udal Liburutegiak eta Udalaren Euskera Sailak antolatzen duten Irakurleen Txokoa urriaren 17an hasiko da eta Antzerki Tailerra, aldiz, 2019ko urritik 2020ko ekainera bitartean egingo da. Lehenbizikoan izena emateko azken eguna urriaren 16a izango da eta bigarrenean parte hartu nahi duenak irailaren 30era arte izango du.
Irakurleen txokoan, hilean behin, literaturan interesa duten pertsonak biltzen dira eta euskaraz idatzitako liburu bati buruz hitz egiten dute. Horretarako, Arrate Egaña idazlearen laguntza izaten du taldeak eta partaide bakoitzak liburu horri buruzko iritzia azaltzen du. Taldea hilabete bakoitzeko hirugarren ostegunean elkartzen da (18:30etik 20:00etara). 2011n hasitako ekimen honetan parte hartzea doakoa da eta Udal Liburutegian eman behar da izena. Interesatuek bertara hurbildu, izena eman eta hurrengo hilabeterako liburua jaso besterik ez dute egin behar. Gainera, hileroko dinamikaz gain, idazle batekin solasaldia ere egingo da idazleen lana lehen eskutik ezagutzeko.
Guztira, aurten, 8 liburu irakurriko dira eta euskal ekoizpenez gain, literatura unibertsala ere jorratuko da. Hori bai, denak izango dira euskaraz idatzitakoak edota euskarara ekarritakoak. Ekimen honen helburuak dira irakurzaletasuna sustatzea, euskaraz idazten duten idazleak eta euskarara itzulita dauden nazioarteko autoreen lana ezagutzera ematea, talde egonkorra lortzea, guztiok gustura egotea, eta partaideen eta dinamizatzaileen arteko konfiantza giroa sortzea. Lehenbiziko saioak Chimamanda Ngozi Adichie idazlearen ‘Guztiok izan behar genuke feminista’ lana izango du protagonista.
Antzerki Tailerra:
Antzerki Tailerrak, berriz, segida emango dio iazko lanari eta Jon Ander Urresti aktoreak gidatuko duen tailerra, 19:00etatik 21:00etara egingo da Bermeoko Kultura Etxean. 2019ko urrian hasi eta 2020ko ekainean bukatuko da kurtsoa. Ekimen honetan izena emateko epea irailaren 30ean bukatuko da.
Tailerrean, besteak beste, honakoak landuko dira: gorputz eta ahots adierazpena, pertsonaiak, erritmoa, inprobisazioa eta testuak. Hori guztia ariketen bidez egingo da eta landutako kontzeptuak eszenan praktikan jarri nahi dira.
Antzerki Tailerraren helburua da kultura alorreko euskarazko sorkuntza lanari bidea ematea. Tailerrean, antzerkigintzan interesa duten eta komunikazio gaitasunak landu nahi dituzten 16 urtetik gorako pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute. Ekimen honetan 115 euroko matrikula ordaindu beharko da eta izena emateko Berhaz bulegotik pasa beharko da.
© 2015 Bermeoko Euskara Saila
Gizarte eta Kultura Etxea.
Irakaskintza 14-16; 2.3 gela
48370 Bermeo (Bizkaia)
Tel.: 94 617 91 22
euskera@bermeo.eus