lupa

Bermeon euskaraz

Albisteak

Urrian hasiko da Bermeoko Berbalagun egitasmoa

2019-09-26

 Ekimen honen bidez, euskaraz hitz egiteko eta praktikatzeko aukerak ematen zaizkie parte-hartzaileei, eskolatik eta euskaltegietatik kanpo
Lagunartean euskaraz eginez, hizkuntza bizia eta adierazkorra lantzen dute eta erraztasuna hartzen dute egunerokotasunean euskara erabiltzeko 

Bermeon, 2019ko irailaren 24an.- Bermeoko Udaleko Euskara Sailak urrian jarriko du martxan berriz ‘Berbalagun’ egitasmoa. Ekimen honen bidez, lagunartean, euskaraz hitz egiteko eta praktikatzeko aukerak ematen zaizkie parte-hartzaileei, eskolatik eta euskaltegietatik kanpo. Aukera paregabea da euskara praktikatu nahi duen edozeinentzat, maila altua edo apalagoa badu ere.  Izena emateko epea urrian zabalduko da eta urte osoan eman ahal izango da. Berbataldeak urrian bertan hasiko dira elkartzen eta iazko lau talde jadanik martxan hasita daude.

Egitasmoak oso harrera ona izaten du eta, gainera, urtez urte aberastuz doa, parte-hartzaileak oso pozik dauden seinale. Lagunartean euskaraz eginez, hizkuntza bizia eta adierazkorra lantzen dute eta erraztasuna hartzen dute egunerokotasunean euskara erabiltzeko. ‘Berbalagun’ egitasmoan edonork parte hartu dezake: euskararen bidea egiten ari denak, praktikaren bidez euskara hobetu nahi duenak edota euskaraz bizitzeko aukera gehiagoren bila dabilenak.

Normalean, 5-6 laguneko taldeak izaten dira, eta horiek osatzeko kontuan hartzen dira parte-hartzaileen egutegia, adina eta zaletasunak. Gainera, eskolatik eta euskaltegietatik kanpo egiten den ekimena denez, mintzataldeak kafetegian, tabernaren batean edo, besterik gabe, kalean geratu daitezke. Hau da, ekintzan izena eman dutenek erabakitzen dute non eta noiz egin hizketaldia. Berbalagunek euskara praktikatuz ondo pasatzeko aukera ematen du, izan ere, aisialdian egiteko egitasmoa da. Ez da eskola bat. Modu ludiko eta natural batean Berbalaguneko kideek espazio berriak bilatzen dituzte hitz egiteko. Parte hartzeko euskaraz berba egiteko gogoa baino ez da behar.

Egitasmo honen parte izateko bi modu daude. Alde batetik, euskara praktikatu nahi dutenak eta, bestetik, bidelariak daude, bide hori egiten laguntzen duten pertsonak, hain zuzen ere. Aipatu egitasmoan parte-hartzea doakoa da.

Bestalde, Berbalagun egitasmoaren barne hainbat ekintza osagarri antolatzen dira, euskal kultura ezagutu eta euskara praktikatzeko. Ekintza osagarrien programa zabala eskainiko da: bidaietako kronikak, eskulanak, dantza tailerra…

Gainera, iazko esperientzia arrakastatsua ikusita, aurten ere, kirolaren edo naturaren inguruko jarduerak egiteko aukera izango dugu: mendilagun, bizikletaz ibiltzeko taldeak, martxa nordikoa, berbabentura (eskia, eskalada, surfa…

Bermeoko Berbalagun sare sozialetan

Informazio eguneratua nahi duenak, eskura izango ditu Berbalagunen facebook-a eta bloga, bertan argitaratzen baitira berri guztiak, hileroko agenda eta izena emateko aukera ere eskaintzen du zuzenean.

Berbalagunen parte hartu nahi duten pertsona guztiek, beraz, Bermeoko AEK (609 462 018) eta Gotzon Garitaonaindia (688 651 491) euskaltegietara, Hizkuntza Eskola Ofizialera (94 618 7091) edo Bermeoko Udaleko Euskera Sailera (94 617 9122) deitu dezakete edota Marimar Hernandez dinamizatzailearekin 607 609 580 zenbakian kontaktatu. Sare sozialen bitartez ere eman daiteke izena, horretarako, berariaz prestatutako inprimakia bete baino ez da egin behar.

Berbalagun lehiaketa:
Udazkenean,  neguan eta udaberrian Berbalagun lehiaketa antolatzen da, arrakasta handiz. Edozein herritarrek parte har dezake, Berbalagun kide izan edo ez. Berbalagun aldizkarian argitaratzen dira galderak eta udalerriko hainbat tokitan jarritako postontzietan utz daitezke erantzunak paperean, edo sare sozialen bitartez. Irabazleak, Errigorako otzara ederra eskuratzen du.

Gurasolagun

Aurten ere, Gurasolagun ekimenaren bidez, gurasoek eta umeek elkarrekin euskaraz hitz egiteko aukera izango dute. Gurasolagun familientzako berbataldeak dira. Bertan, jolasak, txangoak eta tailerrak egiten dira, helduak eta haurrak euskaraz batera aritzeko. Gainera, urtean bitan, gutxienez, asteburu-pasak ere antolatzen dira. Egitasmo honen bidez, gurasoen eta seme-alaben arteko transmisioa indartu nahi da, eta gurasoen artean euskara praktikatzeko eta erabiltzeko ohiturak eta gaitasuna indartu.

 

facebook
0
twitter
0

Idatzi zure iruzkina

Ondorengo eremuak bete. * dutenak derrigorrez bete behar dira.

© 2015 Bermeoko Euskara Saila
Gizarte eta Kultura Etxea.
Irakaskintza 14-16; 2.3 gela
48370 Bermeo (Bizkaia)
Tel.: 94 617 91 22
euskera@bermeo.eus

FacebookYoutube