Udalak eta Bermeoko 4 banketxek eta 2 aholkularitzek errenta aitorpena euskaraz egitea sustatzeko konpromisoa agertu dute
2018-05-09
Bermeoko Udalak eta herriko lau banketxek eta bi aholkularitzek elkarlanean errenta aitorpena euskaraz egitea sustatzeko konpromisoa agertu dute gaur Bermeoko kultur etxean. Elkarlan horren bidez, entitate horiek errenta aitorpena euskaraz egiteko erraztasunak emango dizkiete bezeroei, eta Udalak sentsibilizazio lana egingo du.
Elkarlanerako konpromisoaren sinadura ekitaldian honakoek parte hartu dute: Udalaren aldetik, Juan Karlos Agirre Euskara Saileko zinegotziak eta Maite Alvarez, Euskara teknikariak; Oscar Gangoiti eta Iker Aguirre, Torrealday aholkularitzaren eta Bermeo Consulting aholkularitzen ordezkariek, Jose Ramon Renteria, Mirian Prieto, Iñaki Kanalaetxebarria eta Amagoia Gutierrez, Laboral Kutxa, Kutxabank, CaixaBank eta BBVAren Bermeoko sukurtsaletako zuzendariek, hurrenez hurren.
Agirrek gogoratu duenez, Bermeoko Udalak 2014tik hona errenta aitorpena euskaraz egitea sustatzeko kanpainak abiarazi ditu. “Hori dela eta, 2018ko errenta kanpainan ere elkarlanean arituko gara Udala, banketxeak eta aholkularitzak. Horregatik, gaur elkarlanerako konpromisoa publiko egiten dugu”, esan du.
Elkarlanaren bitartez, Bermeoko Udalak eta banketxe zein aholkularitzek hainbat konpromiso hartzen dituztela azaldu du Agirrek. “Udalari dagokionez, ‘Errenta aitorpena euskaraz’ sentsibilizazio kanpaina martxan jarri dugu, eta horren barne herritarrek errenta aitorpena euskaraz egiteko dituzten baliabideen berri emateko komunikazioa landu dugu: esku-orriak banatu dira etxe guztietara, kartelak, sare sozialak, Bermeon Zer? agenda, hiztegiak…”, adierazi du.
Bestalde, entitate sinatzaileek honako konpromisoak hartzen dituzte herritarrekiko: bezeroak euskaraz egitera animatu, bezeroei aitorpena euskaraz egiten lagundu, ahoz zein idatziz aitorpena euskaraz egiteko gonbidatu, eta, kanpainaren amaieran, euskaraz egindako aitorpenen kopurua eta portzentajea jaso eta Udaletxera bidali.
Juan Karlos Agirrek adierazi duenez, herritar gehienen aitorpenak finantza erakundeen eta aholkularitzaren bitartez egiten dira, Bizkaiko Foru Aldundiak etxera eginda bidaltzen dituenen eta internet bidez egindakoen atzetik. “Beraz, herritarrengandik hurbilen daudenez gero, bulego horiek ditugu bitartekari naturalak errentaren kanpainarako”, adierazi du.
Horregatik, Bermeoko Euskera zinegotziak banketxe eta aholkularitzei errenta euskaraz egiteko kanpainan parte hartzea eskertu die, euren jokaera aktiboaren bitartez euskararen presentzia hedatzen laguntzen dutelako.
Finantza entitate eta aholkularitzako ordezkariek hitza hartu dute eta kanpaina honetan aurten ere parte hartzearen garrantzia azpimarratu dute. Haien esanetan, “gure bezeroei errenta aitorpena euskaraz egiteko aukera ematen diogunean, euskarekiko dugun konpromisoa agertzeaz gain, zerbitzu hobea eskaintzen diogu bezeroari, eta horrek, betiere, balio erantsia ematen dio gure entitateei”.
“Lehen berba euskaraz egiten dugu, elkarrizketa, ahal den guztietan euskaraz izaten da eta, azkenik, dokumentua euskaraz ateratzeko aukera eskaintzen diogu herritarrari eta horrek arlo honetan euskara normaltasunez erabiltzeko joera indartzen du”, azaldu dute.
Horrela, Udalak zein finantza entitateak eta aholkularitza “herritarrak errenta aitorpena euskaraz egitera gonbidatu dituzte, “guk, gure aldetik, erraztasun guztiak emango dizkiegu hori horrela egiteko”.
Material osagarria
© 2015 Bermeoko Euskara Saila
Gizarte eta Kultura Etxea.
Irakaskintza 14-16; 2.3 gela
48370 Bermeo (Bizkaia)
Tel.: 94 617 91 22
euskera@bermeo.eus