lupa

Bermeon euskaraz

Albisteak

OINARRIAK ALDATUTA, INAKI ARREGI IKERKETA BEKAREN DEIALDI BERRIA ABIAN DA

2021-10-07

Ikerketa eremua zabaldu eta lanak aurkezteko epea luzatu dute antolatzaileek, beste zenbait aldaketekin batera. Oinarriak gaur argitaratu dira, eta azaroaren 1ean amaituko da lanak aurkezteko epea. Udalerri euskaldunen garapena aztertzea, ikerketa sustatzea eta euskal soziolinguistikaren inguruko ezagutza areagotzea du xede UEMAk sortutako bekak. Deialdi honetan bi lan sarituko dira, bakoitza 6.000 eurorekin. Eusko Jaurlaritzaren babesa du deialdi honek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Kontseiluaren eta UEUren laguntzarekin batera.

Apirilean zabaldu zuen UEMAk Iñaki Arregi ikerketa bekaren bigarren deialdia, eta lanak aurkezteko epea ekainean amaitu zen. Jasotako lanen kopuruak, ordea, hausnarketa eginarazteko beharra utzi zuen agerian, eta oinarrietan aldaketak egitea proposatu zuten epaimahaikideek, deialdia ikertzaile gazteentzat eta unibertsitate ikasleentzat egokiagoa zen garaian egiteko, azterketen ohiko zurrunbilotik aldenduta. Horrela, bekaren ikerketa eremua zabalduta, garaia aldatuta eta lanak aurkezteko epea luzatuta, gaur argitaratu dira oinarri berriak, eta azaroaren 1ean amaituko da eskaerak eta egitasmoen laginak aurkezteko epea.

6.000 euroko bi lan sarituko dira

Bigarren deialdi honetan, 6.000 euroko bi lan sarituko dira, eta epaimahaiak azaroaren 17an jakinaraziko du diruz lagundutako ikerlanak zein izango diren. Egun horretatik aurrera, saridunek 12 hilabeteko epea izango dute laginak garatzeko eta ikerlanak aurkezteko. Beka norbanakoek edota ikerketa egiteko berariaz sortutako lantaldeek jaso ahal izango dute.

Udalerri euskaldunen garapenarekin ez ezik, soziolinguistika edukiak zabaltzearekin eta udalerri euskaldunei buruzko ikerketarekin lotura izango du bekak baina, oinarri berrien arabera, ez da horretara soilik mugatuko.

Iñaki Arregiren oroimenezko beka

Iñaki Arregi Ihartza (1953-2010) izan zen UEMAren koordinatzailea, hil zen arte. Euskaltzale sutsua izan zen Arregi, eta Euskal Herri euskalduna lortzeko bidean ezinbestekoa iruditzen zitzaion UEMAren lana eta lurgunea zabaltzea. UEMAren arima izan zen, sorreratik. UEMAk 2019an erabaki zuen ikerketa beka sortzea eta bekari Arregiren izena ematea, egindako lana eta ekarpena aitortu nahian.

2019ko deialdiaren irabazleak

Lehen deialdian, bi lan saritu zituen epaimahaiak. Batetik, Joseba Garmendiaren lan teorikoa, udalerriak garatzeko estrategien ingurukoa. Bestetik, Enara Eizagirrek, Edurne Urrestarazuk eta Ekhi Zubiriak elkarlanean egindakoa, udalerri euskaldunetara heldutako erdaldunek euskararen inguruan dituzten iritziak eta bizipenak aztertuz.
Hemen bi lanak eskuragai.

· Joseba Garmendia: Tokiko garapen ekonomikorako estrategiak eraikitzeko marko kontzeptuala, arkitektura eta metodologia (Joseba Garmendia) (PDFan).
· Enara Eizagirre, Edurne Urrestarazu eta Ekhi Zubiria: Migrazio erdalduna herri euskaldunetan: euskararen inguruko bizipenak eta iritziak (PDFan).

· IÑAKI ARREGI IKERKETA BEKA: Bigarren deialdia. 2021eko iraila. Oinarri berriak.

· Iñaki Arregi ikerketa beka. Oinarri berriak. 2021eko iraila (PDFa).

LANAK AURKEZTEKO ESKAERA ORRIA:
– Eskaera-orria (PDF).
– Eskaera-orria (doc).

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Iñaki Arregi ikerketa bekaren bigarren deialdia egin du UEMAk, eta laginak maiatzaren 28a arte aurkez daitezke (Europa Press, 2021-04-21).
· Ikerlan bi sarituko ditue II. Iñaki Arregi bekan (bizkaie.biz, 2021-04-22).
· UEMAk Iñaki Arregi bekaren bigarren deialdiaren oinarriak zabaldu ditu (El Correo, 2021-04-22).
· Iñaki Arregi ikerketa bekaren 2. deialdia deitu du UEMAk (unibertsitatea.net, 2021-04-22).
· Iñaki Arregi ikerketa bekaren bigarren deialdia zabaldu du UEMAk (anoeta.eus, 2021-04-26).

facebook
0
twitter
0

Idatzi zure iruzkina

Ondorengo eremuak bete. * dutenak derrigorrez bete behar dira.

© 2015 Bermeoko Euskara Saila
Gizarte eta Kultura Etxea.
Irakaskintza 14-16; 2.3 gela
48370 Bermeo (Bizkaia)
Tel.: 94 617 91 22
euskera@bermeo.eus

FacebookYoutube