lupa

Bermeon euskaraz

Albisteak

Hasi da Bermeoko Berbalagun egitasmoa!

2020-10-08

Ekimen honen bidez, euskaraz hitz egiteko eta praktikatzeko aukerak ematen zaizkie parte-hartzaileei, eskolatik eta euskaltegietatik kanpo

Lagunartean euskaraz eginez, hizkuntza bizia eta adierazkorra landu eta erraztasuna hartzen dute egunerokotasunean euskara erabiltzeko

 

Bermeon, 2020ko urriaren 8an.- Beste urte batez, Bermeoko Udaleko Euskara Sailak abian jarri du ‘Berbalagun’ egitasmoa. Ekimen honen bidez, lagunartean, euskaraz hitz egiteko eta praktikatzeko aukerak ematen zaizkie parte-hartzaileei, eskolatik eta euskaltegietatik kanpo. Aukera paregabea da euskara praktikatu nahi duen edozeinentzat, maila altua edo apalagoa badu ere. Izena emateko epea zabalik dago jada eta urte osoan zehar horrela egongo da. Berbatalde berriak hilabete honetan bertan hasiko dira elkartzen eta iazko lau talde jadanik martxan hasita daude.

 

Kontutan izan behar da aurtengoa urte berezia izango dela eta momentuko egoerak aginduko duela. Berbataldeek aurrez aurre elkartzerik ez badute, on line ariko dira eta ekintza osagarriak, berriz, unean-unean erabakiko da ahalbidetu edo bertan behera utzi behar diren. Hori bai, egiten diren ekintza guztiek zorrotz beteko dituzte indarrean dauden osasun eta segurtasun neurriak.

 

Egitasmoak oso harrera ona izaten du eta, gainera, urtez urte aberastuz doa, parte-hartzaileak oso pozik dauden seinale. Lagunartean euskaraz eginez, hizkuntza bizia eta adierazkorra lantzen dute eta erraztasuna hartzen dute egunerokotasunean euskara erabiltzeko. ‘Berbalagun’ egitasmoan edonork parte hartu dezake: euskararen bidea egiten ari denak, praktikaren bidez euskara hobetu nahi duenak edota euskaraz bizitzeko aukera gehiagoren bila dabilenak. Egitasmoan parte-hartzea doakoa da.

 

Normalean, 5-6 laguneko taldeak izaten dira, eta horiek osatzeko kontuan hartzen dira parte-hartzaileen egutegia, adina eta zaletasunak. Gainera, eskolatik eta euskaltegietatik kanpo egiten den ekimena denez, mintzataldeak nahi edo ahal duten tokian geratu daitezke. Hau da, ekintzan izena eman dutenek erabakitzen dute non eta noiz egin hizketaldia. Berbalagunek euskara praktikatuz ondo pasatzeko aukera ematen du, izan ere, aisialdian egiteko egitasmoa da. Ez da eskola bat. Modu ludiko eta natural batean Berbalaguneko kideek espazio berriak bilatzen dituzte hitz egiteko. Parte hartzeko euskaraz berba egiteko gogoa baino ez da behar. Berbalagun taldeak astean ordu batez batzen dira eta parte-hartzaileek batzeko tokia eta ordutegia aukeratzen dute.

 

Bestalde, Berbalagun egitasmoaren barne hainbat ekintza osagarri antolatzen dira, euskal kultura ezagutu eta euskara praktikatzeko. Ekintza osagarrien programa zabala eskainiko da: bidaietako kronikak, eskulanak, dantza tailerra… Gainera, iazko esperientzia arrakastatsua ikusita, aurten ere, kirolaren edo naturaren inguruko jarduerak egiteko aukera izango dugu, baldin eta osasun egoerak horretarako aukera ematen badu.

 

Bermeoko Berbalagun sare sozialetan

Informazio eguneratua nahi duenak, eskura izango ditu Berbalagunen Facebook-a eta bloga, bertan argitaratzen baitira berri guztiak, ekintzen agenda eta izena emateko aukera ere eskaintzen da zuzenean.

Berbalagunen parte hartu nahi duten pertsonek, beraz, Bermeoko AEK (609 462 018) eta Gotzon Garitaonaindia (688 651 491) euskaltegietara, Hizkuntza Eskola Ofizialera (94 618 7091) edo Bermeoko Udaleko Euskera Sailera (94 617 9122) deitu dezakete edota Marimar Hernandez dinamizatzailearekin 607 609 580 zenbakian kontaktatu. Sare sozialen bitartez ere eman daiteke izena. Horretarako, berariaz prestatutako inprimakia bete baino ez da egin behar.

 

Berbalagun lehiaketa:

Udazkenean, neguan eta udaberrian Berbalagun lehiaketa antolatzen da, arrakasta handiz. 16 urtetik gorako edozein herritarrek parte har dezake, Berbalagun kide izan edo ez. Berbalagun aldizkarian eta sare sozialetan  argitaratzen dira galderak eta erantzunak bide horiek erabiliz eman behar dira. Aurten, gainera, parte hartzeko aukerak zabalduko dira, izan ere, Bermeon, zer? agendan argitaratuko da lehiaketa azaroan, otsailean eta maiatzean. Irabazleak, Errigorako otzara ederra eskuratuko du.

 

Gurasolagun

Aurten ere, Gurasolagun ekimenaren bidez, gurasoek eta umeek elkarrekin euskaraz hitz egiteko aukera izango dute. Gurasolagun familientzako berbataldeak dira. Bertan, normalean, jolasak, txangoak eta tailerrak egiten dira, helduak eta haurrak euskaraz batera aritzeko. Hemen ere, momentuko egoerak baldintzatuko du zer egin daitekeen eta zer ez. Egitasmo honen bidez, gurasoen eta seme-alaben arteko transmisioa indartu nahi da, eta gurasoen artean euskara praktikatzeko eta erabiltzeko ohiturak eta gaitasuna indartu.

 

Berbalagun online

Dena den, ezin da ahaztu oraindik ere oso egoera berezian gaudela. Hori dela eta, berbalagun taldeetan eta ekitaldi guztietan beharrezko prebentzio neurri guztiak aintzat hartuko dira. Horren haritik, eta aurrez aurreko eskaintzari osagarri moduan, martxoan abiatu zen eskaintzari jarraipena emango zaio, esaterako, urriaren amaieran mintzapraktika ONLINE taldeetan parte hartzeko aukera egongo da.

Oizmendi TBren bideoa

facebook
0
twitter
0

Idatzi zure iruzkina

Ondorengo eremuak bete. * dutenak derrigorrez bete behar dira.

© 2015 Bermeoko Euskara Saila
Gizarte eta Kultura Etxea.
Irakaskintza 14-16; 2.3 gela
48370 Bermeo (Bizkaia)
Tel.: 94 617 91 22
euskera@bermeo.eus

FacebookYoutube