Digitalazioaren Hariak, Sagrado Corazón ikastetxean: Zelan sustatu euskarazko ikerkuntza eremu digitalean ikasleekin
2021-11-05
Azkue Fundazioak Bermeoko Udalaren laguntzaz ondutako Digitalizazioren Hariak proiektuaren baitan, Bermeoko DBH 4. eta Batxilergo 1 mailetako hiru ikastetxeetan hainbat proiektu garatzen ari dira, gazteak digitalizazioaz jabetu daitezen eta jarrera kritikoa garatu dezaten digitalizazio horrekiko. Sagrado Corazón ikastetxean, hain zuzen, gai honen inguruan ari dira: “Zelan sustatu euskarazko ikerkuntza eremu digitalean ikasleekin”, euskarari eremu digitalean arreta berezia jartzeko asmoz.
Sagrado Corazón ikastetxearen arabera, “gure ikastetxean First Lego League (FLL) Euskadin parte hartzen dugu urtero. Deialdi honetan 2 alde landu behar dira: proiektu teknologikoa eta berrikuntza proiektua. Azken hori lantzeko ikasleek dokumentatu behar dira, baina askotan ikertzen dituzten erreferentziak gaztelaniaz edota ingeleraz idatziak izaten dira. Hori gertatzen da, alde batetik eremu digitalean euskarazko edukia zientifikoak ez direlako hain ugariak, baina bestetik, ez dugulako askotan euskara zientziari loturiko hizkuntza bezala hautematen. Lehenengo aldagaian momentuz ezin dugu asko eragin, baina bigarrenean bai. Gure proiekturako lehen ideia beraz, ikasleak FLL Euskadi proiektuaren eremu zientifikoa lantzeko, eremu digitalean euskarazko edukiak bilatzera eta aztertzera animatuko dituen dinamika sortzea da. Dinamika hori `Euskoin’ izena duen txanpon bati egongo da lotuta, puntuen ideia errepresentatzen duena”.
“Bestalde eremu digitalean eta FLL komunitatean gure ekarpena ere egin nahi dugu. Horregatik FLL Euskadiko aurtengo proiektuan zenbait baliabide 3Dn diseinatu eta lizentzia libreekin partekatuko ditugu. Noski euskaraz baita. Guk bide batez 3D fabrikazioaren munduan lehen urratsak egiten ditugun bitartean”.
© 2015 Bermeoko Euskara Saila
Gizarte eta Kultura Etxea.
Irakaskintza 14-16; 2.3 gela
48370 Bermeo (Bizkaia)
Tel.: 94 617 91 22
euskera@bermeo.eus