Bermeon Euskaraldia antolatzeko parte hartze prozesuaren bigarren saioa izango da eguaztenean, otsailaren 7an
2018-02-05
Euskal Herri osoan abiatuko den Euskaraldia Bermeon ere martxan jarri da, eta, Kike Amonarrizen hitzaldiaren ostean, parte hartze prozesuaren lehenengo saioa joan den urtarrilaren 24an izan zen, eta eguaztenean, otsailaren 7an, izango da bigarren saioa, 19:00etan, Bermeoko Kultur etxeko Gaztelekuan.
Bigarren saio honetan, urtarrilaren 24an landutakoan sakondu nahi da eta Euskaraldia Bermeon martxan jartzeko oinarriak prest utzi nahi dira; hau da, lan talde bat osatu nahi da eta horren zereginak finkatu, hurrengo fasea aktibatzeko helburuarekin.
Hurrengo fase horretan Euskaraldiaren barne Bermeon antolatutako diren ekimenak landu eta martxan jarriko dira: komunikazio ekintzak, formazio ekintzak…
Saio honetan interesa duten pertsona guztiek parte har dezakete eta horretarako Euskera Sailean (euskera@bermeo.eus edo 94 617 9122) izena ematea eskertzen da.
Euskaraz jakin arren, gaztelaniaz egiteko joera duten pertsonak aktibatu eta hizkuntza-ohitura aldatzeko saiakera pertsonala eta kolektiboa da Euskaraldia. Herritarrek eta erakundeek batera landuko dute eta, eguneroko bizitzan, inertziak aldatzea bilatzen da.
“Tokian tokiko euskaltzaleen sareak aktibatzea eta indartzea bilatzen du Euskaraldiak”, gogoratu du Juan Karlos Agirrek, Bermeoko Euskara zinegotziak.
“Bermeo euskaraz bizi eta arnasa hartzen duen herria izaten jarraitzeko, bihotzetik ahora ekarri gura dugu euskara, ahoak bizi-bizi jarri eta belarriak prest erantzuteko”, gaineratu du.
© 2015 Bermeoko Euskara Saila
Gizarte eta Kultura Etxea.
Irakaskintza 14-16; 2.3 gela
48370 Bermeo (Bizkaia)
Tel.: 94 617 91 22
euskera@bermeo.eus