lupa

Bermeon euskaraz

Albisteak

Bermeoko Udalak Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza egunkariko 110 harpidetza egin ditu leku publikoetan banatzeko

2019-05-23

Bermeoko Udalak Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzarekin akordioa adostu du, euskara eta euskal komunikabideak sustatzeko eta herritarren artean euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzeko. Horren bidez, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzako 110 harpidetza banatuko dira Bermeoko leku publikoetan.

Horren berri eman dute gaur egindako prentsaurrekoan Juan Karlos Agirrek, Euskara Saileko zinegotziak; Aitziber Gabikaetxebarria, Euskara teknikariak; Oihana Cabello, Busturialdeko Hitzako zuzendariak; eta Idurre Arrazolak Hitzako komertziala eta sustapen arduradunak.

Agirrek eta Gabikaetxebarriak akordio horren “garrantzia” azpimarratu dute, eta helburuak honako hauek direla azpimarratu dute: “euskaraz irakurtzeko ohitura eta irakurzaletasuna zabaltzea bermeotarron artean”. “Hori lortzeko Hitzak herritarrei hurbileko informazioa euskaraz irakurtzeko aukera eskaintzen die, eta, horregatik, harpidetzak egitea garrantzitsua dela uste dugu”, gaineratu dute.

Gabikaetxebarriak adierazi duenez,  harpidetzak udal eraikinetan banatuko dira: Liburutegian, Kultura eta Gizarte etxean, Berhazen, Gizarte Ongizateko Udal Patronatuaren egoitzan, Zaharren egoitzan, Musika eskolan, Oinarrizko Lanbide Heziketan eta Turismo Bulegoan.

Horrez gain, irakurtzeko ohitura dagoen hainbat tokitan banatuko dira (ile-apaindegiak, estetika zentroak, gimnasioak, fisioterapeutak, hortz klinikak, albaitariak, tabernak, ospitale psikiatrikoa, bidaia agentziak, ostatuak, tabernak…). “Herritarrek toki horietan irakurtzeko ohitura izaten dute, eta euskarazko gertuko informazioa irakurtzeko aukera ematea oso positiboa dela uste dugu, aipatutako helburuak lortzeko”, nabarmendu du.

Ildo berean, Euskara teknikariak adierazi duenez, “herritarrek asko erabiltzen dituzten beste erakunde batzuetako zerbitzuetara ere zabaltzen ditugu harpidetzak, eta aurten ere, anbulatorioko erabiltzaileen esku jarriko dira hainbat ale”. “Era berean, aurten, lehenengo aldiz, ospitale psikiatrikoan ere banatuko ditu Bermeoko Udalak ale batzuk; izan ere,  guretzat ezinbestekoa da osasun etxera, zein psikiatrikora doazen herritarrek tokiko euskarazko albisteak euskaraz irakurtzeko aukera izatea”, azpimarratu du.

Horrez gain, Agirrek eta Gabikaetxebarriak azaldu dutenez, akordioaren bidez, “aurten ere aurreko urteetan bezala, EuskoTren-eko geltokian Hitza eskuratzeko aukera izango dute erabiltzaileek”.  Ildo horretan, adierazi dutenez, azken bost urteetan, Bermeoko Udalaren eta Hitzaren akordioaren bidez, Hitza izan zuten 24 leku publiko “Hitzaren garrantziaz jabetu dira eta harpidedun ordaintzaile bihurtu dira”. “Oso positiboa da establezimendu bakoitza harpidedun ordaintzaile bihurtzea”, gaineratu dute.

Azkenez, Euskara zinegotziak eta teknikariak adierazi dutenez, mota honetako ekimenak beharrezkoak dira euskararen normalizazioaren lanean jarraitzeko, izan ere, ekimen horri esker, herritarrek euskaraz irakurtzearen helburua betetzen dugu, leku publiko ezberdinekin berba egitean, herritarrek herriko eta inguruko informazio eskaintzen duen Hitza irakurtzen dutela ikusten baita.

facebook
0
twitter
0

Idatzi zure iruzkina

Ondorengo eremuak bete. * dutenak derrigorrez bete behar dira.

© 2015 Bermeoko Euskara Saila
Gizarte eta Kultura Etxea.
Irakaskintza 14-16; 2.3 gela
48370 Bermeo (Bizkaia)
Tel.: 94 617 91 22
euskera@bermeo.eus

FacebookYoutube