Bermeoko Udalak Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza egunkariko 110 harpidetza egin ditu leku publikoetan banatzeko
2018-04-10
Bermeoko Udalak Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzarekin akordioa adostu du euskara eta euskal komunikabideak sustatzeko eta herritarren artean euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzeko. Horren bidez, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzako 110 harpidetza banatuko dira Bermeoko leku publikoetan.
Horren berri eman dute gaur egindako prentsaurrekoan Juan Karlos Agirrek, Euskara Saileko zinegotziak; Maite Alvarezek, Euskara teknikariak; Izaro Mendietak, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzako zuzendariordeak; eta Idurre Arrazolak Hitzako komertzialak.
Agirrek akordio horren garrantzia azpimarratu du, eta helburuak honako hauek direla azpimarratu du: “euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzea eta irakurzaletasuna zabaltzea bermeotarren artean”. “Hori lortzeko Hitzak herritarrei hurbileko informazioa euskaraz irakurtzeko aukera eskaintzen die, eta, horregatik, harpidetzak egitea garrantzitsua dela uste dugu”, gaineratu du.
Alvarezek adierazi duenez, harpidetzak udal eraikinetan banatuko dira: Liburutegian, Kultura eta Gizarte etxean, Berhaz-en, Gizarte Ongizateko Udal Patronatuaren egoitzan, Zaharren egoitzan eta Musika eskolan.
Horrez gain, irakurtzeko ohitura dagoen hainbat tokitan banatuko dira (fisioterapeutak, ile-apaindegiak, bidaia agentziak, hortz klinikak, albaitari klinikak, estetika zentroak, akademiak, ostatuak, tabernak…). “Herritarrek toki horietan irakurtzeko ohitura izaten dute, eta euskarazko gertuko informazioa irakurtzeko aukera ematea oso positiboa dela uste dugu aipatutako helburuak lortzeko”, nabarmendu du.
Ildo berean, Euskara teknikariak adierazi duenez, “herritarrek asko erabiltzen dituzten beste erakunde batzuetako zerbitzuetara ere zabaltzen ditugu harpidetzak, eta. aurten ere, anbulatorioko erabiltzaileen esku jarriko dira hainbat ale, Osakidetzako Bermeoko anbulatorioan Hitza egotea guretzat ezinbestekoa delako, osasun etxera doazen herritarrek tokiko euskarazko albisteak euskaraz irakurtzeko aukera izateko”.
Horrez gain, Agirrek azaldu duenez, akordioaren bidez, “aurten, iaz egin genuen bezala, EuskoTreneko geltokian Hitza eskuratzeko aukera izango dute erabiltzaileek”.
Agirrek eta Alvarezek azaldu dutenez, azken lau urteetan, Bermeoko Udalaren eta Hitzaren akordioaren bidez, Hitza izan zuten 23 leku publiko “Hitzaren garrantziaz jabetu dira eta harpidedun ordaintzaile bihurtu dira”. “Oso positiboa da establezimendu bakoitza harpidedun ordaintzaile bihurtzea”, gaineratu dute.
Azkenez, Euskara zinegotziak adierazi duenez, mota honetako ekimenak beharrezkoak dira euskararen normalizazioaren lanean jarraitzeko, izan ere, ekimen horri esker, herritarrek euskaraz irakurtzearen helburua betetzen dugu, leku publiko ezberdinekin berba egitean, herritarrek herriko eta inguruko informazio eskaintzen duen Hitza irakurtzen dutela ikusten baita.
Material osagarria
© 2015 Bermeoko Euskara Saila
Gizarte eta Kultura Etxea.
Irakaskintza 14-16; 2.3 gela
48370 Bermeo (Bizkaia)
Tel.: 94 617 91 22
euskera@bermeo.eus