lupa

Bermeon euskaraz

Albisteak

ARRATE EGAÑA IDAZLEAK DINAMIZATUKO DU IRAKURLEEN TXOKOAREN ETAPA BERRIA URRIAREN 19tik AURRERA

2017-10-05

Bermeoko Udal Liburutegiak eta Euskera Sailak  antolatzen duten irakurleen txokoak urriaren 19tik aurrera etapa berri bati ekingo dio, eta Arrate Egaña idazlea izango da irakurle txokoaren dinamizatzailea.

Juan Karlos Agirrek, Bermeoko Euskara zinegotziak; Maite Alvarezek, Bermeoko Udaleko Euskara teknikariak; eta Arrate Egañak berak, aurkeztu dute gaur irakurle txokoaren etapa berria Bermeoko udal liburutegian egindako prentsaurrekoan.

Agirrek gogoratu duenez, irakurleen txokoaren bitartez, hilean behin, interesa duten pertsonak biltzen dira eta euskarazko liburu bati buruz hitz egiten dute. Horretarako, dinamizatzaile baten laguntza izaten du taldeak eta partaide bakoitzak liburu horri buruzko iritzia azaltzen du. “Oraingoan, Arrate Egaña idazlea izango dugu dinamizatzaile lanetan”, azpimarratu du.

‘Irakurleen txokoa’ etapa berri honetan, taldea, hilero, hileko hirugarren eguenean batuko da 18:30etik 20:00etara; horrela, urriaren 19an, eguenean, hasiko da. 

Irakurleen txokoaren ibilbidea 2011n hasi zela gogoratu du Euskara teknikariak eta ikasturteka batu izan dela. “Ikasturte bakoitzean zortzi liburu irakurri eta horiei buruz berba egin dugu”, aipatu du. Bere esanetan, “15-20 pertsona inguruko talde egonkorra da, baina taldea zabalik dago jende berria hartzeko; hortaz, interesa duten herritarrak animatu nahi ditugu Irakurleen txokoan parte hartzera”.

Hileroko dinamikaz gain, idazleekin topaketak eta solasaldiak egiten dituztela gogoratu du Alvarezek, “idazleen lana lehen eskutik ezagutzeko aukera ezin hobea eskaintzen baitute eta oso interesgarriak izaten dira”.

Maite Alvarezek azaldu duenez, irakurle txokoaren helburuak izango dira etapa berri honetan ere bai “euskarazko literaturaren irakurzaletasuna sustatzea, euskaraz idazten duten idazleak ezagutzera ematea eta guztiok gustura egotea, eta partaideen eta dinamizatzaileen arteko konfiantza giroa sortzea”.

Bere aldetik, Arrate Egañak irakurle txokoa gidatzea berarentzat “erronka garrantzitsua” dela eta saioak “atseginak eta parte hartzaileak” izatea direla bere helburuak azpimarratu du.

Horrela, adierazi duenez,  “urriaren 19an, eguenean, irakurle txokoaren etapa berri bati hasiera emango diogu”. “Lehenengo saio horretan ipuin labur bat irakurri eta komentatuko dugu, eta, ondoren, ikasturtean zehar irakurriko eta komentatuko ditugun liburuak erabakiko ditugu taldeko partaide guztion artean”, adierazi du. Ildo horretan, zehaztu duenez, “nik zerrenda bat prestatu dut euskaraz jatorriz sortutako zein itzulitako liburuekin, eta xedea da, liburu horien artean, taldeko kideek dituzten gustu eta interesen arabera, ikasturte honetan irakurriko ditugun liburuak aukeratzea”, azaldu du. 

“Ilusioz beteta hasten dut ‘Irakurle txokoaren’ etapa berri hau, eta espero dut parte hartzaile guztiok literaturarekin euskaraz gozatzea”, azpimarratu du.

 

 

Material osagarria

facebook
0
twitter
0

Idatzi zure iruzkina

Ondorengo eremuak bete. * dutenak derrigorrez bete behar dira.

© 2015 Bermeoko Euskara Saila
Gizarte eta Kultura Etxea.
Irakaskintza 14-16; 2.3 gela
48370 Bermeo (Bizkaia)
Tel.: 94 617 91 22
euskera@bermeo.eus

FacebookYoutube