lupa

Bermeon euskaraz

Albisteak

2019ko bermeotarren liburua familien esku

2020-12-30

2019an jaiotako 106 bermeotar txikiei euren bertsoak batzen dituen liburua banatzen hasi da eta datozen egunotan jasoko dute

 

Aurten, gainera, bideo labur bat ere prestatu da, hainbat testigantza jasotzen dituena: gurasoena, bertsolariena eta 17 eta 18 urte bete dituzten gazte birena

Aurten ez da Bermeoko Jaioberrien Liburua banatzeko ekitaldirik egingo. Hala ere, Bermeoko Udalak ez zuen 2002az geroztik martxan dagoen ekimen polit hau bertan behera utzi nahi. Hau dela eta, 2019an jaiotako 106 bermeotar txikiei euren bertsoak batzen dituen liburua banatzen hasi da eta datozen egunotan jasoko dute. Liburuan jasotzen dira ume bakoitzaren izen-abizenak, jaiotze-data, bertso-papera eta argazkia. 

 

Eskualdeko hainbat bertsolari batzen dituen Lilibertso Bertsolarien Elkartearen ardura da bertso pertsonalizatu horiek egitea, udalarekin sinatuta duten hitzarmenaren bitartez. Urteko bertso guztiekin, liburua osotzen da eta, normalean, Euskararen Egunaren inguruan aurkezten da Kafe Antzokian antolatzen den jaian. Aurten, indarrean dauden segurtasun eta osasun neurriek ez dute aukerarik eman jaia antolatzeko baina ekimena aurrera eraman da, ohitura ez galtzeko.

 

Ekimen honen helburuak dira, besteak beste:

  • Euskararen transmisioaz gurasoak sentiberatzea. Alde batetik, euskaraz dakiten gurasoek seme-alabei euskara transmititzea bilatzen da eta, bestetik, euskara ez dakitenek, euskararenganako motibazioa piztea.
  • Euskararenganako maitasuna sustatzea. Umeak bertsoaren hartzaile dira, euren logelan izaten dute koadroa eta liburua, berriz, eskuetan.
  • Bertsoaren indarra, euskal kultura, herri baten parte izatea, zeharka sustatzen dira ekimen honen bidez.

 

Aurten, gainera, nobedade modura, bideo labur bat ere prestatu da, hainbat testigantza jasotzen dituena: gurasoena, bertsolariena eta 17 eta 18 urte bete dituzten gazte birena. Bideoa abenduaren 30etik aurrera egongo da ikusgai Bermeoko Udalaren Euskera Sailaren Youtubeko kanalean.

facebook
0
twitter
0

Idatzi zure iruzkina

Ondorengo eremuak bete. * dutenak derrigorrez bete behar dira.

© 2015 Bermeoko Euskara Saila
Gizarte eta Kultura Etxea.
Irakaskintza 14-16; 2.3 gela
48370 Bermeo (Bizkaia)
Tel.: 94 617 91 22
euskera@bermeo.eus

FacebookYoutube